Saharako errefuxiatuentzako elikadura laguntzarako egitasmoa
1975 urtean, Madrileko gobernuak Mendebaldeko Sahara Maroko eta Mauritaniaren esku utzi zuenetik, Sahara herri erefuxiatua 30 urte baino gehiago eman ditu bizi egoera latz eta larrian Argeliak utzitako basamortu gorriko Tinduf eremuan, kanpamentuetan antolatuta. Lan izugarria eginez, ekinez eta herri gisa irauteko indar biziz eremu gogor eta latz hura bizileku bihurtu dute. Tailerrak antolatu zituzten, baratzak, ospitaleak, eskolak..... horrela biztanleak arazoari dagokion konponbidea lortu arteko egonaldi luzeari aurre egin ahal izateko.
Nazioarteko laguntzarik gabe ezinezkoa izango zuten aurrera egitea, lurralde haren ezaugarriei begira oso bizimodu zaila eta latza baita. Horrela bada, Munduko Elikaduraren Egitasmoari esker eta ONU erakundearen Errefuxiatuentzako Agentziari esker, urte luze hauetan bermatua izan dute oinarrizko elikadura. Azken urteotan izan den laguntza eskasa dela eta, ordea, sarritan izan dituzte elikatzeko arazo larriak, eta hasita daude desnutrizio arazoak azaltzen, eta horri erantzun nahian, Euskal Herriko instituzio eta gizarte osoari laguntza eskatzea beharrezkoa izan da oinarrizko elikadura izan dezaten, larria baita oraingo egoera.
Beraz, egitasmo honen bidez, Tindufen errefuxiatuta dauden Sahararrei elikadura beharrak asetzeko oinarrizko laguntza larria bidali nahi diegu. Horretarako, instituzioetan, batez ere udaletxe eta enpresetan, elikagaiak eta higieneari begirako gauzak jasotzea erabaki dugu. Eta bigarren eskuko kamioiak erosteko asmoa ere badugu jasotakoak bertaraino helerazteko. Bilketa horretan umeak eta gaztetxoak inplikatu nahi ditugu, beraz bilketa ikastetxeetan egingo dugu.